ERABILTZEKO BALDINTZAK NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN
1. Sarrera
Nafarroako Unibertsitate Publikoak online plataforma bat dauka, NireIkasgelategia izenekoa, irakaskuntzari, ikerlanari eta unibertsitateko kudeaketari laguntzeko eskuarki. Web plataforma honetan erabiltzaileek modua izaten dute gainerako kideek ikusteko moduko edukiak gordetzeko eta argitaratzeko. Tresnan parte hartzeko beharrezkoak dira identifikazio-izena eta pasahitza.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren NireIkasgelategia erabiltzen duten guztiek erabiltzeko baldintza hauek onartzen dituzte:
2. Egile eskubideak
2.1. Sarrera
Unibertsitateak jabetza intelektualaren eskubide guztiak errespetatu behar ditu bere jarduera eremu guztietan. Beraz, NireIkasgelategia nola erabili behar den azaldu nahi du, hirugarren egileen materiala, irakaskuntzan eta ikerkuntzan, legearekin bat etorriz erabil dadin mesedetzeko, eta aldi berean jabetza intelektualaren legez kontrako erabilera saihesteko.
2.2 Jabetza Intelektualari buruzko Legearen mende dauden liburuak, artikuluak edo dokumentuak hitzez hitz erreproduzitzea.
AURREBAIMENA EDUKIZ ETA ORDAINDUZ
Oro har NireIkasgelategian sartu ahal izanen dira egile eskubideen babespean dauden liburuak, artikuluak edo dokumentuak osorik erreproduzitzen dituzten fitxategiak, baldin eta eskubide horien titularrak aurretik baimena eman badio Unibertsitateari horiek erabiltzeko, lana ustiatzearen eskubideak osorik edo partez lagatzeko kontratu baten bidez.
Ez daitezke, beraz, baimenik gabe sartu hauek:
Lan osoak, filmak, bideoak, musika lanak, ordenagailu programak edo erabilera bakarreko materialak, irakaskuntzarako baliabide moduan editatzen direnean.
Aldizkariak eta, NUPeko Liburutegiak lizentzia ematen badie, beste eduki batzuk ere erabiltzeko baimena dute irakasleek ikastaro birtualetan, lizentzia bakoitzean ezartzen diren baldintzen arabera.
AURREBAIMENIK GABE, ORDAINDUZ
Jabetza Intelektualari buruzko Lege indardunak, 32.4 artikuluan, ahalmena ematen die unibertsitateko irakasleei partzialki bederen erreproduzitzeko, hezkuntzarako eta ikerkuntza zientifikorako eta jabetza intelektualaren titularraren baimena behar izan gabe, egile eskubideen babespean dauden lan edo argitalpen inprimatuak, betiere egileei eta argitaratzaileei bidezko ordainketa egiten bazaie.
Halatan ordainketa hori adostu egin zuten, hitzarmen bat sinatuz, Errektoreen Biltzarrak, alde batetik, eta CEDRO eta VEGAP egile eskubideak kudeatzeko entitateek bestetik.
Hitzarmena sinatzeak aldaketa handia ekartzen du unibertsitateko irakasleek LAN INPRIMATUAK erabiltzeko dauzkaten aukeretan, bai irakaskuntza birtualean bai presentzialean ere, eta aldi berean egile eskubideak babesten dituzten legezko betebeharrak betetzen dira. NireIkasgelategiko materialetan sartzeko modukoak dira lan inprimatuak edo lan inprimatu izan daitezkeenak, betiere ez bada gainditzen muga hau: liburu baten kapitulu bat, aldizkari baten artikulu bat, edo baliokide direnak, baldin eta lan oso baten % 10arekin parekagarriak badira.
BAIMENIK GABE ETA ORDAINDU GABE. Lanen zati txikiak aipatu eta erreproduzitzeko eskubidea.
Ez da egilearen baimenik behar, eta ez da ordaindu behar aipatzeko eskubidea erabiltzen denean. Norberaren lanean beste norbaiten lan idatzi, soinudun edo ikus-entzunezko baten zatiak sartzen direnean gertatzen da, bai eta lan plastikoen arloko edo argazkigintza figuratiboaren arloko lan bakanetakoak ere, betiere lehendik zabalkuntza izan duten lanak badira, eta aipatzeko edo aztertzeko, iruzkintzeko edo judizio kritikoa egiteko erabiltzen badira. Soilik irakaskuntzarako eta ikerkuntzarako erabiliko dira, erabilpen horren xedeak justifikatzen badu, eta iturria eta lanaren egilearen izena aipatuko dira.
Lanen zati txikiak. Zati horiek lan osoen garrantzi gutxiko laburpen edo zatiak izanen dira, eta irakasle eta ikertzaileek zilegi dute horiek jendaurrean erreproduzitzea eta ezagutaraztea. Zabalkundea eduki duten lanak behar dute izan, hezkuntzarako edo ikerkuntzarako direnak, ez merkataritzakoak, eta egile eta iturrien izenak idatzi behar dira, ezinezkoa denean izan ezik.
Zati txikiak erreproduzitzeko eskubide hau ez da edukiko testuliburuak, unibertsitateko eskuliburuak edo parekatuak badira. Horiei buruz irakasleek ikasleei lana legalki eskuratzeko guneak jakinarazteko baimena izanen dute bakarrik.
Hala ere, zilegi da garrantzi gutxiko laburpen edo zatiak, baita testuliburu edo eskuliburuenak ere, proiektu bakoitzean laguntzen duten ikertzaileen artean banatzea, soil-soilik beren artean eta beren proiekturako beharrezkoa den neurrian.
KASU HORI LANEN ZATI TXIKIETARAKO DA SOIL-SOILIK, EGILEEI EZEIN ORDAINKETA EGITEN EZ ZAIEN KASUETARAKO.
CRUE-CEDRO HITZARMENAK INDARRA IZATEN JARRAITZEN DUEN BITARTEAN, ZILEGI DA SARTZEA GEHIENEZ ERE LIBURU BATEN KAPITULU BAT, ALDIZKARI BATEN ARTIKULU BAT, EDO BALIOKIDE DIRENAK, BALDIN ETA LAN OSO BATEN % 10AREKIN PAREKAGARRIAK BADIRA, UNIBERTSITATEKO TESTULIBURUAK EDO ESKULIBURUAK BADIRA ERE. (Ez partiturak, ezta erabilera bakarreko lanak ere, edota lan plastikoen arloko edo argazkigintza figuratiboaren arloko lanen konpilazioak).
OROBAT
Zilegi da sarbide irekiko dokumentuak libreki eta mugarik gabe ezagutzera ematea, baina argi eta garbi aipatuko da egilea. Horien artean daude:
- a) Aldizkari ofizialen edukia, hala nola Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, BOE, Autonomia Erkidegoetako Aldizkari Ofizialak, e.a.
- b) Organo jurisdikzionalen ebazpenen testua. Aholkua da datu base publikoetan (esaterako, CENDOJ izenekoan) jasotzen diren testuak batez ere erabiltzea.
- c) "Creative commons" lizentzien edo antzekoen babesean argitaratu diren edukiak eta sarbide irekiko biltegietan jasotzen direnak, betiere kasu bakoitzean dagokion lizentziak ezartzen dituen mugen barnean egiten bada.
- d) Zientzia-argitalpenak, haien egileak bagara eta haien ustiapen eskubideak baditugu.
- e) Jabari publikoan dauden lanak.
EZ DA ZILEGI ERABILTZEA USTIAPEN ESKUBIDEEN TITULARRAREN BAIMENIK GABE
2.2 atalean aipatu diren guztiez gainera, ez da zilegi beste hauek ere baimenik gabe erabiltzea:
- a) Liburu baten kapitulu bat baino gehiago, lan baten % 10 baino gehiago edo aldizkari baten artikulu bat baino gehiago edo horien baliokideak direnak argitalpen parekatuetan.
- b) Musika partiturak.
- c) Erabilera bakarreko lanak edo ariketak egiteko materialak.
- d) Lan plastikoen arloko edo argazkigintza figuratiboaren arloko lanen zatien konpilazioak edo multzoak.
WEB ORRIALDEETARAKO ESTEKAK
Ikastaro birtual baterako dokumentu interesgarriren bat web orrialde batean erabilgarri dagoenean, gomendioa da dagokion esteka jartzea, betiere zilegi diren edukietara eramaten badu, hau da, titularrek berek jarri badute Interneten, edo beren baimenarekin jarria bada.
Kendu egin beharko da esteka, baldin eta egileak edo bere izenean bere eskubideak erabiltzen dituenak ezin gezurtatuzko jakinarazpen bat bidaltzen badu, aditzera emateko irakaskuntza material jakin horretan dagoen esteka argitalpena behar bezala baimendua ez daukan lan bati dagokiola.
3. Hirugarren pertsonen irudi eskubideak
Protokolo honek hartzen dituen aholkuak osatu egiten dira irudi eskubideen errespetuari zor zaizkionekin: NireIkasgelategian irakaskuntzarako argitaratzen diren fitxategi, argazki edo dokumentu bideografiko guztiek aipatu fitxategietan agertzen direnen irudi pertsonala errespetatuko dute, agertzen direnen berariazko baimena eduki beharko da, muga geografikorik gabe eta epemugarik gabe, edo haiek ez identifikatzeko neurriak hartuko dira.
Material horietako batean aktibo dagoen eragile batek edo bere izenean eskubide horiek erabiltzen dituenak ezin gezurtatuzko jakinarazpen bat bidaltzen badu, material horiek kendu eginen dira.
4. Ostatatu diren edukien gaineko erantzukizuna
Nafarroako Unibertsitate Publikoa NireIkasgelategiko zerbitzuaren hornitzailea da soilik, eta ez du inolako erantzukizunik hartzen plataforma honetan erabilgarri dauden tresnetan ostatatzen edo argitaratzen diren edukien gainean.
5. Kontrol neurriak
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, NireIkasgelategia zerbitzuaren administratzailea baita, beretzat gordetzen du materiala ostatatzeari uko egiteko eskubidea, baldin eta uste badu dokumentu hau erabiltzeko baldintzaren bat betetzen ez dela. Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi dauka, plataformaren erabiltzaileek hala eskatuz gero, abusuzkotzat jotzen diren bideoak kentzea, bai eta kentzeko agindu judizial bat dutenak ere.
6. Zerbitzua bertan behera uztea
NireIkasgelategiaren erabiltzaileak onartzen du batzuetan bertan behera utzi beharko dela zerbitzua, funtzionamenduaren betebeharrak direla-eta, hala nola segurtasunarekin eta mantentze-lanekin zerikusia dutenengatik edo sistemetan izaten diren akats teknikoengatik.